Panoramica de Remelluri

Remelluri Basetxearen jatorria aspaldikoa da. Etxaldearen erdian kokatutako nekropoliak aditzera ematen digu, X. mendean dagoeneko, bazela han herrixka bat.
"Erramel" konde arabarraz mintzo zaigu, "Erramelluri"-ren sortzaileaz, goi erdi aroko toponimo historikoaz.

Leku honetan, gure mahasti zaharrenez inguraturik eta harkaitzean zizelkaturik, bada antzinako ardo-dolare bat, eta horixe izango da, ziurrenik, Errioxako ardogintzaren aztarna zaharrenetakoa. XIV. mendean, monje jeronimoak lur horietan finkatu ziren, eta monje-basetxe bat sortu zuten, hain zuzen, Toloño mendiaren tontorrean kokatutako santutegiaren mendeko bilakatu zena.

Basetxeko laboreak, haizetik eta izotzetik babestutakoak, mikroklima bikaina du. Inguruan ditu historiaurreko, erromatarren, bisigodoen, arabiarren eta, azkenik, erdi aroko herrixken aztarnak, antzinako ardogintzaren lekuko.

Monjeek XV. mendean alde egin zuten handik; santutegia ermitauek mantendu zuten, XIX. mendearen bukaera alderaino kultuaren ardura hartu zutenek. Errege-dibisaren mende ―Toloño inguruko herri guztiak partaide dituen herri-erakundearen mende― geratu ziren basetxea eta monasterioa. Basetxeko laborantzarako lurrak administratzen zituzten, santutegira otoitz egitera, leku guztietatik, joaten ziren erromes masa handiei fruitu haiekin erantzuteko.

Bastidako Udalean kontserbatzen diren kontabilitate-liburuetan zaharrenak ―1596ko data duenak―, aipatzen ditu dagoeneko Nuestra Señora de Remelluri Basetxeak urtero eta pasa den mendea arte gurbiletan egindako ardo-ekarpenak.

1837an, lehen gerra zibilean, tropa liberalek su eman zioten santutegiari, Peñacerradako karlistei setio bat irabazi ostean. 1845ean, desamortizazioaren legearekin, eskaintzaile onenari saldu zitzaizkion lurrak, etxeak eta baita Santa Sabina ermita ere.

Bastidako aberats batek hartu zuen gune nagusia, eta mahastia mantendu egin zuen. Gutxi gorabehera 20 hektareako jabetza hori bere horretan iritsi zen 1967 urtera, eta orduantxe hartu zuten Jaime Rodríguez Salis eta Amaya Hernandorenak.

Ordutik, Nuestra Señora de Remelluri Basetxea garai bateko lurrak berreskuratzen ari da; egun, 154 hektarea inguru ditu, eta horietatik 105ek zaharberritutako mahasti bat osatzen dute, Remelluri ardoen jatorri.